Gara: Latest news - Printed edition  |  Le Journal |  Documents
Google
EUS | ES | FR | ENG
 » PRINTED EDITION
  - Index
  - Sujet à la une
- Basque Country
- Local
- Opinion
- Culture
- Sports
 » DOCUMENTS
 » Hemeroteka
Le JPB > L'opinion > Azken hitza 2008-03-06
Itziar MADINA
Postalak V, katzarrotaren agurra

"Ene aholkuari jarraik iezaion: har paper eta arkatz eta idatz iezaion". Koartza hauskara mehe luzea, urean zirikan.

-"Idatz, nori, ote?"

-"Hire bihotzeko xangrinari".

Plisti plasta, errekako harri artean miaka, koartza hauskara. Halako batean, hurrup eta klik! mokoa goiti, arraintto zerbait joan zitzaion eztarrian beheiti.

Idatzi? Zendako ez? Hasi zen pentsaketa gure katzarrota, urbidearen ertzeko belar hezeari begira, gogoetak zumarra eta akazia ondoen artetik hazi sasian korapiltzen zitzaizkiola.

-"Baiki, hori dut egiteko hoberena". Paper eta arkatzaren bila hasi zen. Utzi behar izan zuen haatik, errekak zilatu pasabide xumetik hegal ukaldi azkarrez airatzen zen koartza hauskara mehe luzea partitzen ikusteko.

-"Adio laguna! Zeruari goraintzi!".

Koartzak uraren gaineko landaretza lodiaren azpitik maisuki gidatu zuen hegaldia, noiz eta argigunea ikusirik, zerurantzeko airaldia hartu zuen arte. Orduan arin eta lerden, harkaitz urrikalgaitzen parera heldu zen, iratze gorrien heinerat. Han, ez mendi eta ez aire, bere indar soilaz dilingo, koartza hauskara mehe luzea izaite bereziaren pareko zen. Lurretik, haren firurikak begiez irensten zituen katzarrotak, unearen edertasunak bihotza askatzen eta zauria sendatzen zizkiotela. Errekaren xuxurlak koartza minutu batzuko lagun mina bilakatuari agurra kantatzen zion, sasietan xoxoek xirula jartzen zutela. Melodia beharrietan eta hegaztiaren aire hartze ikusgarria, iratzeen gorria eta harkaitzen beltza begietan, katzarrota idazten hasi zen. Gidatzeko baimen, asurantza eta kontrol tekniko ziurtagiriak nahas mahas zeuden kutxatik histen hasitako argazki metatto bat hartu zuen: ezin finituzko joan etorrietan han eta hemen erosi, lortu, ala ebatsi postalak. Mende erdi honetan auto saltzailearen erakusleihoan higitu gabe zegoen bere ttantta zaharrari idatziko zion. Katzarrotak ez zuen nehor gehiago mundu huntan, ez bazen bere bihotzeko kuttuna, bainan hori, ezinezko historia zen. Izebari idatzi zion beraz, eta erakusleihoko berri galdegin. Bizirik zena oraino, goizoro ogia erostetik etxeratekoan mintzatzen zuen gizon zaharra? Katzarrotak behin ikusi zuen: sotilki janzten zen eta zapela kentzen zuen ttantta zaharra agurtzeko. Poemak idazten zizkion. Izebari bihotza urtaratzen zioten poemak. Postalatik postalarat, katzarrotak bere penak, doloreak eta pozak kondatu zizkion izebari. Azkenen, ikustera zihoakiola erran. "Postalak V, katzarrotaren agurra" deitu zuen.


Print
 
...More news
Pays Basque
Remous au Centre éducatif fermé (CEF) d’Hendaye
Sujet à la une
Biarritz Océan, future vitrine touristique de la mer et du surf imaginée par Didier Borotra, fait jaser
Culture
Mutxikoak, création et adaptation :"... eh bien dansez maintenant !"
Pays Basque
EH Bai muscle sa campagne
Sports
Xala et Waltari ensemble pour un défi au Garat
Pays Basque
"L´opposition à la LGV franchit une étape avec ce référendum"
  © 2006 Baigura | Contact | About us | Advertise