Jean-Louis DAVANT
Pastoralaz
Aurtengo pastorala Ezpeizen emanen da, Donapaleu eta Maule arteko bide handiaren bazterrean. Noiz: uztailaren 27an eta agorrilaren 3an, igantez, egünaz. Mustrakak urtarilaren 12an hasirik, seigarrena günüan neskenegün arrats hontan, eta hor jokülari bakoitxari bere kargüa eman deio Fabien Lechardoy pastoral errejentak. Ez züan lan aisa, ehün bat arizale bildü beigira lau herritarik.
Geia zer dügün : "Xiberoko jauna", züen zerbütxariaren eskütik. Mauleko Oier III.a (1237?-1318), Xiberoko azken bizkontea izan zen "Errege madarikatüen" denboran. Üsü güdükan erauntsi züan, lehenik Zuberoaren alde, gero Nafarroako Erresumaren zerbütxüko. Bere lürraldearen autonomia zaintü nahi züan Akitaniako Dük ingelesaren aitzi, poterez ezin asea beitzen hura. Azkenekoz indarraren aitzinean plegatü behar üken züan eta Xiberoa ützi.
Nafarroako errege-erregiñen beren zerbütxüko hartü züen eta Arradako hirixka-gotorleküa eman zeioen, Bardeetarik hüllan. Erresumako "Ricombre" izentatü züen, eta nafar armadako aitzindari gehien ezarri. Gobernüko deliberoak sinatzen zütüan, eta hor bere zigilüaz, Xiberoko lehoa lehentze agertzen dü.
Etxarri-Arantzako hiri berriaren eraikitzean parte hartü züan. Aitzinetik Atharratzeko hiri berri edo Bastida eraikarazi züen 1299an. Xahartürik hil zen Nafarroan, eta "Mauléon" izena han biziarazi züen haren ondokoek. Haietarik bat, Charles de Mauléon, 1521ean hilen da Noain-Getzeko güdükan, Gaztelako armadari bürüz, Nafarroaren alde. Gei ederra dügü beraz, gure Historiaren erraile.
|