-Nire herriko alkateak ez daki euskaraz.
- No ! Nirean harreran bertan ezin dezaket euskaraz egin, barne plana onartu zuten baina ez dute martxan jarri. Eta, gainera, deliberorik ere ez dago.
- Deliberoak ? Zer da hori ?
- Bai, zuek ordenantza deitzen diozue, ezta ?
- Ah ! Bai, nire herrian egon badaude baina ez diote jarraipenik egiten eta urraketak eguneroko kontu dira.
Edozein Euskal Herritarrek izan dezake elkarrizketa hau, edo antzekoa. Txarrena urte luzeak daramatzagula horrelako salaketekin gora eta behera. Azkenean, aho minean ibili izan duguna, frogatu ere egin da. Kontseiluak Udalen Hizkuntza Politikaren neurketa kaleratu zuen eta, ze kasualitatea !, herriko etxe batek ere ez du azterketa hori gainditu. Zazpitik gora, normalkuntzaren bide egokian gaudela esan daiteke, baina ez dago udal bat ere nota hori jaso duenik. Kateak, suspentsoak denentzat ! Alderdia bat edo beste izan, euskararen estatusa hau edo beste izan, suspentso denentzat ! Hala ere, datu horiekin etsitu edo amore emanen genuela uste bazuen inork jai du !
Guretzako datuak lan tresna bihurtu ziren, herrietako egoera hobeki azaldu eta ulertzeko bitarteko, baina egoerak lehenagotik ezagutzen genituen eta ez zen batere zaila izan datu horiei benetako adibideak jartzea. Suspentsoa langileek euskaraz ez dakitelako, suspentsoa deliberorik ez dagoelako, suspentsoa euskarazko hedabideak diruz laguntzen ez direlako, suspentsoa euskara normaltzeko planetan urratsik eman ez delako.
2007an egin bezala, 2008ko herrietako hauteskundeen hurbileko segipena egiten ari gara. Egoeraren larritasuna eta datuen alarma gorria kontuan izanik, alderdi eta plataformek beraien programetan zer aldaketa proposatuko duten jakin nahi izan dugu. Eta datu hauen berri jakiteko izan ditugun zailtasunetatik abiatuz, Uf ! orokorrean hutsaren hurrena !
Gainera, larria da benetan, alderdi edota alderdi-kide horien jarrera. Eskaera zabala egin da, hautetsiek beren proposamenetan euskararen normalkuntza helburu izanen duten planteamenduak sar ditzaten. Euskal Herrian Euskarazek ere, gutuna bidali die Euskal Herri osoko alderdi guztiei. Erantzuna zein izan den jakin nahi al duzue ? Salbuespenak toki guztietan daudenez eta horiek errespetatuz, eguneroko zapaltzaile berberek musura barre egiten jarraitzen dutela esan dezakegu...
Gure gutuna zehatza zen oso, euskararen bermea eman dadin beharrezko neurriak zerrendatzen genituela; udal politika eraginkorra egin zezatela euskararen normalkuntza bidean eta herritarron hizkuntza eskubideak bermatu zitzatela. Euskara herriko hizkuntza ofiziala ez ezik, lehentasunezkoa izenda zezatela. Langileak euskalduntzeko planak abiatzeko eskatzen genien, baita kontratu berrietan euskararen ezagutza derrigorrezkoa izateaŠ
Euskararen normalkuntza ahalbidetuko luketen mugimendu-ezek adierazi legez, batzuek, antza, ez zuten gure eskaera ulertu; Beste batzuek ere, euskara maite dutela dioten berberek eta euskara munduko plazara zabaldu behar dela aldarrikatzen duten berberek ere, ez zuten eskaera ulertu.
Guk, ordea, ez dugu amore eman. Badakigulako Euskal Herrian oraindik ere, gure hizkuntza aintzat hartu eta defendatzeko jende asko eta asko dagoela. Badakigu, konpromisoen bidetik eta atxikimenduen bidetik, euskararen aitortza eta errespetutik hurbilago aurkitzen garela. Badakigu euskal herritarrak batuz eta euskararen ofizialtasunaren aldeko olatua osatuz, herriz herri euskarari lehentasuna emango dion Euskal Herri baten eraikuntzan ari garela. Badakigu, zuok gabe, euskal herritarrok gabe, euskarak ez duela etorkizunik; horregatik behar gaitu euskarak, horregatik behar du gure atxikimendua. Eman diezaiogun, bada. Adi ! Martxoaren 1ean...