Batasunak Uztaritzen eta Iruñean Autonomia proposamenak publiko egin zituenetik urte bat betetzen da egun. Aukera egokia da berriz gogora ekartzeko ze gogoetak ziren urrats hunen oinarrian eta ze bidea zabaltzen ari zaigun, egunez egun, hartutako norabidean ematen dugun urrats bakoitzarekin.
Euskal Herria bidegurutzean
Hala deskribatzen genuen egoera orain dela lau bat urte. Frantziar estatuaren aldetik garaian abiatutako Pays Basque 2010 egitasmoak, Lurralde Antolaketa eskema, Garapen kontseilua,.. haien praktikarekin aski modu argian erakusten zuten zein zen asmoa eta muga : euskal herritarren aldarrikapenak eta borroka grina apaltzea, "konzertazioa" onartuz, eta inolako erabakitze gaitasunik emanez gure geroari buruz, gure arazo nagusiei buruz. Gutti balitz, abertzale eta jendarte sektore zabalen eskakizunekiko gorkeria eta mespretxua. 2003an izandako demisioneak frustrazio eta amorruaren isla izan ziren.
Frantziar estatuak, iruzur horren segida eman asmoz, Pays Basque 2020 lantzen hasia zen.
Bidegurutze hitzarekin zera nahi genuen adierazi : edo Euskal Herriaren onarpenaren aldeko indarrak, bildutako indarrak, asimilazioa sakontzea bilatzen duen dinamika antzuan itotzen segitu, edo esparru ezberdinetan egindako lanaren gainean, jauzi bat eman eta onarpenaren aldeko dinamika eraginkortu, borroka grina berreskuratuz eta horizonte argiago bat marraztuz.
Bidea Euskal Herria da
Hau izan zen Uztaritzeko ekitaldiarekin azaldu nahi izan genuen beste idei bat. Euskal Herria gara eta hiru lurralde hauek onarpen instituzional osoa behar dute Herri gisaz bizitzen segitu nahi badugu. Ezinbestekoa dugu onartuak izaitea, ezinbestekoak ditugu bizitzaren alor guztietan eskumenak izaitea, eta ezinbestekoa zaigu eskumen horien kudeatzeko, instituzio oso bat : Autonomia bat.
Batasunak Euskal Herriaren eraikuntzaren alde lan egiten du. Herri honen biziraupena nahi du eta hau, zalantza izpirik ez dugu, soilik euskal Estatu baten sorreratik etorriko da. Iritsiko gara geltoki horretara, besteak beste, egun, harat eramango gaituen beste geltoki baten alde borrokatzen ari garelako : hiru herrialdeak bere baitan hartuko duen eskumen zabaleko Autonomia baten alde.
Autonomia hau, Batasunak, Euskal Herri osoaren logikan ulertzen du. Hiru herrialdeen geroa eta garapena Euskal Herriaren eremuan soilik eman daitekeelako, zazpiak batean. Autonomia honek, Hego Euskal Herrian sortuko den Autonomiarekin, oinarri berri bat ekarriko dio Euskal Herriari, oinarri demokratikoa, inolako bazterketa politikorik gabe inorentzat. Hiru gehi lau, bat izaiteko.
Koadro honen alde, egunero, bizitzaren eremu guzietan lana eta borroka eginez, ahal izanen dugu Frantziaren ukazioa bermatzeko sortutako PB 2020 eta antzeko sasi-tresnen mugak gainditu.
Koadro hau lortuz, ez ditugu egun batetik bestera gaitz guztien sendagaia lortua izanen, baina bai ezinbesteko tresna bat geroa gure eskutan hartzeko. Eskumen zabaleko Autonomia batek ekarriko diguna, eguneroko arazo ttipi zein handi, baina bi kasuetan garrantzitsuak diren horiei buruz, hausnartzeaz gain, erabakiak hartzeko aukera izanen dugu.
Hiru herrialdeen onarpen osoa eta eskumen zabaleko Autonomia, zentzu honetan, aldarrikapen abertzale bat baino gehiago da. Eskakizun demokratikoa da, eta euskal jendarte osoari onurak ekarriko dizkio.
Urratsez urrats, bide eginez
Urte honetan zehar hainbat mugimendu eta ekimen izan dira. Hauetako batzuk Batasunaren eskutik etorri dira, beste batzuk "Autonomia eraiki" kolektiboen eskutik, baita eragile abertzale guztien aldetik era konpartituan, eta baita pertsonen deialdi zabal gisaz ere.
Uztaritze bera, Aberri Egunaren bezperako agerraldia, Foruma eta agiria, Baionako manifestazioa, hitzaldi ezberdinak, berrikitan gazte dinamika zabal baten aurkezpenaŠ izan dira eman diren hainbat urrats. Bakoitzak berea ekartzen du eta bat bera ere ez da soberan. Bide hortatik segitu behar dugu, urrats gehiago emanez, emeki elkarlan mailak landuz eta indar zabalak bilduz.
Gainean hauteskundeak ditugu eta hortik hautetsiak izanen dira, herriko etxeetatik ere Autonomiaren aldeko borrokan haien esku kolpea emaiteko.
Horrela, eremu guztietan lana eta borroka eginez, euskal jendarteak behar duen eskumen zabaleko Autonomia eskuratuko dugu.
Eskuratuko dugu proposatzen duguna, beharrezkoa izaietaz gain, lorgarria delako. Europari begira jartzen bagara, zer ikusten dugu ? Eredu autonomikoak estatu gehienetan; baita Estatu berrien sortze nahia eta hori gauzatzeko aukera erreala. Zergatik errealitate hau ikusten dugu eta ez kontrakoa (integrazio eskaerak) ? Soilik aukera horiek eskaintzen dutelako herriek eta herritarrek behar duten garapen ekonomiko, soziala,.. hitz batean, haien egoeran hobekuntza.
Eskuratuko dugu Euskal Herrian geroa gure esku izaiteko gogoa eta grina dagoelako. 2x2 bide proiektuaren inposaketari buru egiteko gaitasuna eta gogoa izan da, eta lortu da. Laborantza ereduari buru egiteko determinazioa izan da, eta lortzen ari gara. Eta beste hamaika borroka zehatz martxan dira eta irabaziko dira. Euskal Herriak indarra eta gogoa duelako, baita konfiantza ere.
Urte bat eta hamaika urrats. Ez dira lehenak izan, eta ez dira azkenak izanen. Bidea egiten hasi gara, erabaki dugulako. Hori da garrantzitsuena. Emeki, ausardiaz, determinazioz, urrats bakoitzetik ikasiz, bide osoa eginen dugu.
Borroka huntan sakondu dezagun! Aitzina Euskal Herria !