Gutun honen bitartez, euskarak justizia administrazioan bizi duen egoera larriagotzen ari dela salatu nahi du Justizia Euskaraz Elkarteak, eta komunikabideak zein herritarrak honen inguruko hausnarketa sakona eta aldarri ozena egitera gonbidatu.
2007ko Abenduaren 19 eta 20an, Euskal Herrian Euskaraz elkarteko hamabi gazte epaitu dituzte Bilboko Zigor Arloko Epaitegietan, eta fiskalak bost hilabeteko espetxe zigorra eskatu du gazte horietako bakoitzarentzako, zergatik eta, Gernikako Epaitegietan euskararen erabilpenaren aldeko aldarrikapena egin izanagatik.
Orain arte, euskarak epaitegietan bizi duen egoera negargarria dela adierazi izan dugu. Euskara erabili nahi izatea arazo bihurtzen da herrritarrontzat, eta ofizialkidetasun formal hutsa ere erabat haustuta, inolako berme edo neurririk ez dago epaile, idazkari judizial eta fiskalen artean, prozedurak euskaraz bideratu ahal izatea bermatu edo bultzatzen duenik. Nahiz eta eskubide hori babesten duten arauak egon badauden, epaile eta fiskalek ez dute euskara ezagutzeko betebeharrik eta badira gazteleraren nagusitasunaren aldeko beste arau eta jarrerak ere; praktikan ezinezkoa da prozedura euskaraz lantzea. Itzultzaileen erabilera eskaintzen du bakarrik justizia administrazioak, eta hori ere, itzulpenak berak sortzen dituen arazoez aparte, euskara erabili nahi dugun herritarron aurkako jarrera eta arazo iturri da.
Duela urte batzuetatik hona, aldiz, beste estrategia larriago bat abiarazi da justizia administrazioan. Hizkuntza eskubideen aldeko aldarrikapenaren aurkako jazarpen estrategia argia. Horrela, aldarri eta ekimen horiek errotik moztu nahi dira eta zigortu. Eta espetxe zigorrekin gainera. Gernikako gazte batek badu honezkero sei hilabeteko espetxe zigor irmoa, eta oraingo hamabi gazte hauen aurkako epaiketa hau beste urrats bat da jazarpen horretan.
Horren aurrean, justizia administrazioan euskararen erabilera hobetu edo areagotuko duten neurriak eskatzea bakarrik ez da nahikoa. Argi dago gure hizkuntza eskubideen aurkako jarrera sendoa eta gogo bizia erakusten dutela epaile eta fiskal askok.
Horregatik, ozen salatu behar dugu bizi dugun egoera, eta gure aldarrikapenean etsi ez. Justizia Euskaraz elkarteak aipatu akusazio hori bertan behera uztea eta berehala artxibatzea galdatzen du, epaiaren emaitza zintzorik ezin baitaiteke espero, eta komunikabide zein herritarrak arazo honen oihartzuna egitera gonbidatzen. Eskubideez ari gara, gure hizkuntzaz ari gara, eta egoeraren larritasunaren aurrean ezin dugu isilik egon.
Eta hamabi gazte horiei zein Euskal Herrian Euskaraz elkarteari, gure txalo, elkartasun eta animorik beroena.