Jakin duzu berria ? Baionako auzapez matxista eta feminista berdea elgarrekin ikusiko ditugu herriko bozetan.
- Real-politika da, txo, edonor edonorrekin oheratzeko prest eragina lortzeko.
- Eta Hiriburun, Iriart-ek aurretik trenkatuak ditu aferak beste partidoekin, berriz irabazteko.
- Etiketa soinetik kendu duen oportunista bat gehiago. Sistema elektoralaren perbertsioa da hori, maila beherenean. Pentsa gorago: apostuak handiago eta tratuak lazgarriago.
- Baina hautatzeko eskubidea aintzinapauso ikaragarria izan zen demokraziarentzat. Nahiago zenuke diktadurara itzuli ?
- Ez axola, hauteskundeek benetan zerbait aldatuko duten egunean, debekatuko dituzte.
- Zu ez zara errealista. Hautagaiak ez dira eskas eta herriak ditu kudeaketa postuetara eramaten.
- Beti alderdi bera da garaile txo, diruarena eta poderearena. Aspertua nago zirko honetaz. Kanpaina bat bukatu eta berehala hasten da hurrengoa. Diru publiko xahuketa hutsa.
- Zorionez politika ez dago soilik hautetsien esku. Militanteek ere obratzen dute.
- Abertzaleetaz ari zara ? Ekilibrismo galantak egin ohi dituzte hitzordu horietan egoteko. Borroka tresna, kudeaketa eremu eta propaganda-aldi arteko saltsetan galduak.
- Herriko etxeetan lan polita eramaten dute. Segurrenez demokrazia leku horietan delako gehienik gauzatzen. Oraingoan eskuz esku doaz kantonaletara. Hor ere kitzikatzaileek ukanen duzue zer kitzikatu.
- Egia : urte osoan zehar mokoka ari diren alderdiak bat eginik. Ttattardunak eta sindikalistak lema beraren gibelean.
- Benetan tristea zen zatiturik aurkezten zirelarik. Hor bederen ezker abertzalearen batasun aire bat sendi liteke. Berri onena PNB hor ez egotea da : kapitalistak gugandik urrunago eta hobe. Joan daitezela Bayrouri zapaten milikatzera.
- Zu ere kanpainan sartu zara ?
- Nik berriz ere sustengatuko ditut. Etxebizitza duina, presoen hurbilketa, euskararen ofizialtasuna bozketan ere defenditzeko. Ea iazko emaitzak parekatzea ala hobetzea lortzen dugun.
- Ongi da, behingoz konbentzitu nauzu. Bozka EH Bai.