Itziar MADINA
Postalak (III), autostopean maitemindu
-"Zakurraren ipurdirat berriz ere?" erran zion alta, euskaltzale garbia zen batek mendiko haranerateko bidea hartzera zihoan gure katzarrotari. Mihia ez aski zalu izanki eta, katzarrota kokaturik bezala gelditu zen, ezin ihardetsiz. Bihurguneak harat eta honat hasi zirelarik, bidea hertsi eta haizea kilikagarri bilakatu zirelarik haatik, hamar gauza burutaratu zitzaizkion.
-"Zakurraren ipurdia deitzen duzuna untsa lan eginik defendiatzen dute elez bederen sustengatzen duzun sindikata horren kide diren laborariek, alta! Segur naiz alderdi berarentzat bozkatzen duzuela eta oro!" begitarteratu beharko zion sasi abertzale hari. -"Zentralista hutsa zira zu, zure pentsamolde horrekin. Euskal jakobinoa merexi duzu izena!" zirikatu beharko zuen. Holakoetan hasten zelarik, katzarrota sutzen zen. Urrunetik entzuten zen haren motorraren intziri nekosa patarrari goiti zihoala, burua gogoetetan. Hala egina zukeen segurki, doi bat zurturik bidertzean zagon neskato gazteak. Erhia luzaturik zuen autoa geldiarazi nahi duenaren gisan. Katzarrotari iduritu zitzaion pixka bat jautsi zuela hura ikustean. Bainan gelditu zitzaion. Eta neska sartu zen.
-"Hemen bero da, bederen!" hasi zen matelak eta esku muturrak gorri zituena. Katzarrota ahalge baitzen izaitez, solasaren segitzea gostatzen zitzaion. Neska berriz, naturalki mintzo zen. Esplikatu zion zangoa haur denboratik ahula izanagatik berreskuratu zuelaren ustez, pilota partida batean berriz funditu zuela. Delako "zakurraren ipurditik" jautsia zen herrirat, medikuarenganat. Katzarrota ohartu zen orduan gazteak belauna hartua zuela halako karkaxa beltz baten barnean. Gostarik gosta, maingua eta oro, herrirat joan eta autorik ez garraiobiderik gabe oraino! Hori neska kuraiosa! Euskaltzale jakobinoaz pentsatu zuen, mekanikartetik madarikatuz. "Neska gazte hau bezalako zakurraren ipurdiko gehiago beharko ditugu, omen biziarazi nahi duzun herri hau hala egiteko!" Ez pentsa gero, emazte gazteak arrangura berezia zuenik autorik ez garraiobiderik ez izanik. "Dia! Beti bada norbait eremaiteko!" irri egin zion katzarrota; nehork ikusten ez baitzuen beharrik; gorritzen hasiari. Plazan biziko zena, gutienez? "Ez, ez, herriaren gainekaldean. Plazatik oinez ala eskolako haurren mikrobusarekin joaiten naiz usaian". Urrun behar zuen, segur. Katzarrota harriturik zagon. XXIgarren mendean "zakurraren ipurdian" bizi, autorik ez ukan, horren axolarik ere eta gainera euskara xoragarria mintzo zuen bidai-laguna atzemana zuen. Hortarako guti behar baitzuen, maiteminduko zela iduritu zitzaion. Bidea labur eginen zitzaion.
|