Lurdes ANSA - erabili.com
Fisikaren gertakariak era dibertigarri batean eta euskaraz hurbilduko dizkien liburua aurkeztu zuten maiatzaren 4an Donostian. Eduardo de Campos Valadares brasildarraren Física mais que divertida liburua euskara itzuli du Elhuyar Fundazioak. Fisika jostagarri izenburupean, ehundik gora esperimentu jasotzen ditu argitalpen berriak. Elhuyar-ekoek, hitzaurrean oinarrituta azalduko dizkigute jarraian liburuaren nondik norakoak.
Fisika jostagarri liburuaren helburua da zientzia- hezkuntza aurkikuntza eta berrikuntzarekin uztartzea. Liburuaren oinarrizko ideia hau da: norberak egiteko proiektu erraz eta merkeetatik abiatuta, urrats eta garapen berrietarako testuinguru egoki bat eskaintzea.
Proposatutako saiakuntza eta prototipoak "munduen barruko munduetarako" sarrera bat dira, eta, horiek egiteko, burdindegietan edo etxe alboko edozein dendatan eskura ditzakezun osagai merke edo birziklatuak baino ez dituzu behar izango. Etxeko erremintak ondo erabiliz, eta behar diren segurtasun-neurriak hartuz, gauza zoragarriak egin ditzakezu. Horrela, inguratzen zaituen mundua sakonago ulertuko duzu. Gure eguneroko bizitzan eragiten diguten Naturaren hainbat legez ere zu zeu ohartuko zara, eta lege horien arteko erlazioak hobeto ulertuko dituzu. Ikasitakoa erabiliz aplikazio berriak pentsatzeko eta prototipo sofistikatuagoak zeure kabuz garatzeko erronka zeurea duzu. Bai horixe! Zure eskura dituzun bideak esploratu beharko zenituzke. Horretarako, gozatzeko gogoa eta sormena baino ez dira behar, eta denok dugu hori eskura.
Liburu honetan gustu eta adin guztietarako saiakuntzak aurkituko dituzu. Zientzia eta Naturaren arteko elkarlana ulertzeko, lantzeko eta egiaztatzeko aukera gutxi batzuk baino ez dira proposatutako proiektuak. Liburuan landutako kontzeptuak garatzean, laster ohartuko zara aurkikuntzarako eta berrikuntzarako aukerez inguratuta gaudela.
Liburu honen beste helburu nagusi bat talde-lana sustatzea da. Mesedez, gonbida itzazu zure ikaskideak eta lagunak Natura ulertzeko abentura honetan parte har dezaten. Eta zure aurkikuntzen berri emateak dakarren dibertsioaz gozatu. Laster ikusiko duzu talde-lanean ideia gehiago sortzen direla eta emaitzak ere bizkorrago lortzen direla. Helburua irtenbide sinple eta merkeak aurkitzea da. Mundua aurkikuntza berrien bila dabil. Zergatik ez erakutsi zure esperimentuak parkeetan, plazetan, lagunarteko jaietan nahiz eskolan bertan? Erronka handia duzu zure aurrean. Zientzia erraz kutsatzen da. Emaiozu aukera!