Aintzane LASA - erabili.com
Debagoieneko Mankomunitateak Zorionak: ama izango zara izeneko liburua eta DVDa plazaratu ditu. Erderaz hain hedatuak dauden gurasogaientzako aholku eta jakingarriz hornitutako argitalpenen ildotik, material guztia euskaraz prestatu dute. Hasieran Debagoienean zabalduko badute ere, ondoren hedapen eremua zabaltzeko asmoa azaldu dute.
2007ko martxoan kaleratu dugu Zorionak: ama izango zara euskarazko materiala, ama izango direnei zuzenduta. Material hori Debagoieneko udaletako euskara teknikariok egin dugu elkarlanean. Proiektuari heltzea erabaki genuen euskararen normalizazioan familia bidezko transmisioak garrantzia handia duelako, familia da-ta hizkuntza transmititzeko gune naturala.
Familia transmisioaren inguruan lehen ere urrats batzuk emanak genituen (haur jaioberrien gurasoentzako materiala, 4 eta 8 urte bitarteko haurrentzako eta gurasoentzako materiala...), eta oraingoan guraso izango direnentzako materiala prestatu dugu.
Lanarekin 2004an hasi ginen. Familia transmisioa indartzeko eman beharreko urratsen gaineko hausnarketa egin genuen beste bailara batzuetako udaletako euskara teknikariekin batera. Taula batera ekarri genituen hizkuntza transmisioaren inguruan ordura arte egindakoak, eta aurrera begira eman beharreko pausuak definitu genituen.
Hausnarketa horretatik abiatuta, bailarako teknikariok gurasogaien esparruari heltzea erabaki genuen, familia sortzeko prozesuaren hasiera delako, eta lehendik transmisioaren inguruan egindako lanak osatuago geratzen zirelako egitasmo horrekin. Gure materialaren helburu nagusia da haurdunen eta emaginen eskura jartzea euskaraz landutako materiala. Liburuan adituek aukeratutako eta landutako gaiak garatzen dira, eta DVDan, berriz, liburuxkan azaltzen diren atal praktikoen azalpenak daude.
Lan honetan bailarako emaginen eta adituen inplikazioa erabatekoa izan da zuzenketak, aldaketak, iradokizunak... egiteko. Azken batean lan hau ez zen posible izango ibarreko emagin eta adituen (masaje zentroko arduraduna, bide hezkuntzako teknikaria...) laguntzarik gabe.