Merkatariekin elkarlanean eta parte-hartzea bultzatzen duen metodologia erabiliz, Zumaiako Udalak merkatariak euskaraz saltzeko bidean jarri ditu, gainerako herritarrek euskaraz eros dezaten.Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) barruan kokatu behar da asmo hau. Diagnostikoa egiterakoan merkataritzaren arloa landu beharraren garrantziaz jabetuta, 2005eko udaberrian plan berezia diseinatzeari ekin zitzaion.
Parte-hartzea bultzatzen duen metodologia erabili da prozesu guztian zehar, hasiera-hasieratik. Grafiko eta matrize sinpleak baliatuta, ondorio sakon eta oinarrizko proposamenetara iristea lortu dugu, betiere dendari eta tabernarien inplikazioa lortzea ahaztu gabe.
2006ko zenbait ekintza
Hainbat bilera egin genituen eta horietan Zumaiako denda eta tabernetan zeuden hizkuntza ohituren azterketatik abiatu, euskara gehiago egiteko zeuden arazoak identifikatu eta euskararen erabilerak gora egiteko zer egitea komeni zen adostu genuen. Hurrengo bileretan komunikazioa eta sentsibilizazioa landu ziren.2006an zerbitzuen alorra jorratzen ahalegindu zen Zumaiako Udala. Alor horretan sartzen dira bidaia-agentziak, aseguru-etxeak, ile-apaindegiak, higiezinen zerbitzuak, etab. Bien bitartean, hala ere, dendariekin bilerak egiten eta tabernariekin harremanetan jarraitu genuen; izan ere, haiek arduratu dira batez ere planari segimendua egin eta proposamen berriak egiteaz.
Merkatariekin egindako bileren ondorioz hainbat ekintza landu ziren. Tabakoaren legea atera zenean, egoera berriaren aurrean Euskara Zerbitzuak 2 kartel banatu zituen: "tabakorik gabeko gunea" eta "hemen erre daiteke" ziotenak.
Dendarientzat, 12 orduko oinarrizko ikastaroa antolatu zen. Dagoeneko euskaraz bazekitenentzat izan zen, hau da, euskalduna izan baina euskaraz idazterako orduan konfiantza falta zutenentzat.
Ostalarientzat euskara ikasteko materiala banatu zen. Batez ere etorkinekin pentsatuta, autoikaskuntzako materiala banatu zen zenbait tabernariren artean. Horretarako aurkezpen bat egin zitzaien eta materiala nola erabili ere azaldu zitzaien.
Euskara klasei ordutegi bereziak jarri zitzaizkien. Gurasoen ordutegian euskara eskoletara joateko aukera eman zitzaien merkatariei ere. Merkataritzako ordutegien zailtasunak aipatzen zituzten eta ikasturte honetan bazkalondoetan euskara ikasten hasi dira merkatari batzuk.