Eneko BIDEGAIN
Bidaia
Munduan zehar anitz bidaiatu duen batekin elkarrizketa egin dut berriki. Catherine Domain du izena, eta bidai liburuei buruzko munduko liburu-denda handiena dauka Parisen. Ulysse liburu-denda. Liburutegia barne txiki batean du, baina 20.000 liburu dauzka. Liburu zaharrak, liburu berriak, arraroakŠ Xarma handia duen xokoa.
Munduko 140 herrialde baino gehiago bisitatu zituen. Garai hartan, bidaia eta turismoa ez ziren orain bezain demokratizatuak. Orain aise joan gaitezke munduaren beste puntara, azken mementoan erosi bidai antolatu batean, edo zenbait egun hondartzan zabal-zabala egotekoŠ Oporrak baitezpadakoak dira. Baina oporrak eta bidaia bi gauza dira.
Bidaiari lehen-lehenik ametsaren kutsua aurkitzen diot. Buruan dugun bidaia egin baino lehen, bidai hori amesten dugu. Nora joan nahi genukeen, nola, nondik barna, han zer egin, non ibili, zer ikusi, nor ezagutuŠ Batzuek beharbada ez dute sobera prestatzen, bertze batzuek xehe-xehea pentsatzen dute dena. Aitzinetik planak finkatzea burua jadanik bidaian kokatzea dela iruditzen zait. Eta bidaiatik itzultzea ere bidai hartan segitzeko parada da, bidai hartatik ekarri materiala (argazkiak, bideoak, testuak, soinuak, harriak, egunkariakŠ) erakutsiz, bidai hori besteekin partikatuz.
Bidaiak abentura kutsua ere ukan dezake. Abersagarria da, baldin eta bidaiaren izpirituan baldin bagoaz eta ez oporren izpirituan. Miresten ditut bidaiariak, haien lekukotasunak, haien bizipenakŠ
Bidaia barne bidaia bat da. Eta beharbada hori da bidai sakonena. Gure buruaren barneko bidaia, gure burua oraino hobeki ezagutzea, gure mugak, gure gustuak, gure ametsak, gure xedeak, gure idealakŠ
|