German Kortabarria Igartua / ELAko idazkariorde nagusia
Manu Robles Arangiz gogoan
O rain 25 urte Manu Robles-Arangiz Zeanuriko hilerrian lurperatu genuenean, malkoak ziren orduan gazte ginen sindikalista askoren begietan. Ez zen hainbeste denbora Manu ezagutzen genuela; tarte horretan ere ez genuen denbora gehiegi pasatu elkarrekin; nahikoa izan zen, halere, Manu gurea genuela eta Manuk bereak gintuela sinesteko.
80 urtetik gorakoa zen Manu Robles-Arangiz ezagutu nuenean; buru argi eta jenio bizikoa, halere. Bizitza luze eta oparoa bizia zuen ordurako: militantziari emanak zizkion urterik onenak; abertzaletasun sindikal eta politikoaren gorakada lehen lerrotik bizi izan zuen, baina baita gerra eta gerra-osteak emandako kolpe etsigarria; erbestea eta espetxea behin baina gehiagotan; estualdiak, noiznahi; erosotasuna, gutxitan.
Bere emazte Luisarekin familia ugariaren habi egin zuen Beskoitzeko Leku-Eder. Ez zuen, baina, bere erantzukizun historikoa, ELA suspertzea, alegia, ahantzi, II. Kongresuak (1933) bere ardurapean utzi zuen proiektuaren jagoletzat baitzekusan bere burua; gerrak eta errepresioak suntsitutako zuhaitz lerdenaren adaxka, hainbeste urtetan zaindua, langile belaunaldi berrian landatzea zegokion, baita egin ere.
Aise konektatu zuen Manuk belaunaldi berriko sindikalistekin, eta berehala ikusi zuen, azken urteetan aldaketa sakonak jasandako herriak eta klaseak molde eta pertsona berriak behar zituela. Gazteon formulazioren bat onartzea kostatu zitzaion apur bat: sozialismoarena esaterako, berak hainbeste idatzitan aldarrikatutako komunitarismoaren ordez; beste berritasun batzuk, alderdi politikoekiko independentzia zorrotza, esaterako, inolako erreparurik gabe egin zituen bereak. Nolanahi era, ñabardurak ñabardura, Manuk ELAren berpiztea eta hedatzea jarri zuen edozeren gainetik: "txikikeriak alde batera utzi, eta ELA berrindartu behar da; hori gazteek egin dezakete, eta ni gazteekin nago", esanaz eten zuen atzera begirako eztabaida. Pozarren ikusi ahal zuen bere azken urteetan, ELAren hedapena ikusita, bere hautua zuzena izan zela.
ELAk bere kultur fundazioari haren izena eman dionean, Manuren oroitarri bizia ezarri nahi izan du. Poztuko zen Manu, ezagutzeko aukera izan balu, jakitea langilearen eta pertsonaren duintasun eta askapen bidean oinarrizko tresnatzat zuen belaunaldikoa baitzen; eta kultur gizona bera ere, azken finean. Are gehiago poztuko zen bere izena daraman fundazioa Iparraldean ematen ari den urratsak ikusita, bere semeek duela ez asko aitortu zidaten bezala.
Balio bezate lerro xume hauek orain 25 urte utzi gintuen gizonaren oroimen eta omenerako.
|