I nkesta soziolinguistikoek behin-eta berriz agerian uzten dute euskarak hiztunak galtzen dituela Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. Euskararen aldeko politikarik eraginkorrena plantan ezarririk ere, ondoko urteotan hiztunak galduko ditu euskarak. Eskoletako izen emate kopuruekin mozorrotu nahi izango dute joera hori, gordez kalitatea eta erabilpena direla funtsezko bi neurgailuak.
Euskararen Erakunde Publikoak borondatezko hizkuntza politika indarrean ezarriko duela adierazi du. Alta, abiatu aitzin borondate arazo larriarekin abiatzen da EEP bera. Frantziako hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da.
ahal bezala bizitzeko edo bizirauteko parada ematen Estatuak, beharraren beharrez itolarritik ateratzeko borrokan ari diren zenbait jende liluratuz.
Euskarari ofizialtasuna ukatzean Frantziak argi adierazten du noraino heltzen den bere borondatea. Gutxi balitz, beharrei erkatuz hizkuntza politika aurrekontu xumeekin abiatuko da. Aitzin proiektuan biltzen ziren xede bakar batek, hurbileko telebistak, EEPren oraingo aurrekontu osoa beharko luke gauzatzeko.
Ahalak urri izateaz gain, hizkuntza politikaren eraginkortasuna finkatuko duten neurgailuak eskas dira. Denek dakigu eskola elebidunak ez duela euskal hiztunik sortzen. Baina haur horiek kontatuz artifizialki emendatzen dira euskaldunen kopuruak. Inkestetan euskara dakiten galdetzen zaie jendeei, baina ez da deus egiten ezagutza eta erabilpenaren maila jakiteko.
Borondatea, liluraren hitz magikoa. Ofizialtasuna ukatzeaz eta Europako hizkuntza gutxituen ituna ez izenpetzeaz gain, egunerokoan argi gelditzen da zein den Frantziaren borondatea. Euskal hiztunak sortzen dituen Seaskari baliabideak ukatzen dizkiote behin eta berriz. Botere Publikoek zerbitzu publikoetan euskara sustatuko dutela badiote ere, errealitateak bertze zerbait dio. SNCFk ateak hetsi dizkio euskarari eta auzitegiek gogor zigortzen dituzte hizkuntz eskubideak aldarrikatu dituzten Demoak. Pariseko auzitegiek, Baionakoak bezala, euskaldunei euskaraz egitea debekatzen die. Ukazioaren koherentzia osoa erakusten dute Botere Publikoek.
Urte luzeotan garapen eskema, hitzarmen berezia, hizkuntza kontseilua, EEP eta hainbat tresna sortu dira euskara beheko errekara doalarik beti. Desagertu ez bada herritarren borondateari esker izan da. Aipatu tresnak sortu aitzin, euskalgintzak eta herri mugimenduek egiazko borondatearen eredua eman dute. Ahalik ezean, zozketa, taloen eta ostatuen gainean eraiki dira euskararen baliabide ekonomikoak. Euskararen aldeko hizkuntza politika ezin da ogitarteko salmentaren araberakoa izan. Normalizazioa lortzeko, ofizialtasuna da gutxieneko eskakizuna.
EEPko buruek borondatea aipatzen dute baina erakutsi ere bai. Euskara ez dakien pertsona bat ezarri dute EEPren buru, baina larriena da euskara ikasteko den mendreneko keinurik ez duela egin. Borondate argia, departamenduko buruetan atzeman daitekeen borondate bera.
Ez dute Pauek edo Parisek emanen ofizialtasuna. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bilduko dituen instituzioaren beharra dauka euskarak, hilzoritik atera nahi badu. Ofizialtasuna berma dezakeen instituzioa, baliabideak, epeak, neurgailuak eta eragile guztien koherentzia bermatuko dituen instituzioa. Normalizazioarako bide bakarra da instituzio hori, Nafarroa Garaia, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko erakundeekin elkarlana burutzeko eskumenak ukanen dituena. Euskararen herria da Euskal Herria. Instituziorik gabe biak itoko dira, ordea, euskara eta herria. Garaia da euskarak behar dituen funtsesko tresna eta instituzioak eraikitzeko. Hortik, beraz, datorren urtarrilaren 27an Uztaritzen Batasunak plazaratuko duen instituzio baten proposamena.