Berrizko Udalak 14 eta 20 urte arteko herriko gazteek zer kezka dituzten ezagutu nahi ditu eta horretarako Gazte Plana jarri du abian. Bizi diren herri eta inguruneari buruzko iritziak eta ideiak eztabaidatu eta hobetzeko proposamenak batu nahi ditu Berrizko Udalak "ekimen berritzaile" baten bitartez. Urte berriarekin batera gazteekin tailer dinamikoak eratuko dituzte eta, udaberrirako, euren neurrira egindako ekintza planari ekingo diote.
Elhuyar Fundazioak egingo du ekimen honetako aholkularitza. Dagoeneko, 14 eta 20 urte arteko gazteei proiektuaren nondik norakoak azaltzen hasita daude. Gazte bakoitzak bere izenean eskutitz bat jaso du parte hartzeko gonbitearekin, eta horrez gain, ikastetxe, kirol eta kultur elkarte zein gazteak batzen diren lonjetan ekimenaren berri emango dute. Asmoa, urte berriarekin adinaren araberako hiru talde osotzea da: 14-16, 17-18, eta 19-20 urte artekoak.
Interesa erakusten duten gazteekin tailer dinamikoak eratuko dituzte. Gazte giroko tailer honetan Berrizen eurentzat zer duten, zer faltan botatzen duten, zer hobetuko luketen, zer eduki nahi duten eta abar eztabaidatu eta hausnartuko dituzte. Gazteen iritziak jasota, herrian zer hobetu daitekeen identifikatuko dute funtsean.
Lehenengo fase honek Aste Santura arteko epea izango du. Gazteek herriko argazkia aterako dute. Identifikazio lana egindakoan, bigarren epe batean, apiriletik uztailera, hobetu daitezkeen gauzarik garrantzitsuenak sakonago aztertu eta hobetzeko plangintza bat diseinatuko dute. Zeregin honetan, udal ordezkari eta teknikariekin osatutako lan-taldearen elkarlana ere izango da.
Berrizko euren kezkak ezagutzera emateko zuzeneko bidea izango dute ekimen honen bitartez hurrengo hilabeteetan. Elhuyar Aholkularitza taldekoek ekimenak orain arte erantzun nahiko ona izan duela adierazi dute.