Idoia TORREGARAI / erabili.com
Sareko euskarazko produktuen katalogoa gazteentzat
16 eta 26 urte arteko gazteentzat beren-berengi Interneten dauden euskarazko produktuen berri ematen duen katalagoa argitaratu da. Bizkaiko 30 udaletako Euskara Zerbitzuk sustatuta, "Sareko Euskarazko Produktuen Katalogoa" aurkeztu dute Bilbon. Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) osatu, Euskaltelek babestu eta Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Alkarbideren laguntzaz kaleratu den katalogo honen helburua 16 eta 26 urte bitarteko gazteei Interneten dauden euskarazko produktuak hurreratzea da. Imanol Landak, Getxoko lehenengo alkateordeak egitasmo hau nondik sortu zen azaldu du: "Euskararen etorkizuna, hizkuntza guztiena bezalaxe, gazteen eskuetan dagoela esaten badugu, argi dago denok ados egongo garela. Horiek horrela, euskararen etorkizuna bermatu nahi izateak, gazteengana jo beharra dakar derrigorrean, gazteek erabiltzen dituzten produktu eta mugitzen diren esparruetara, hain zuzen. Beraz, gazteek egiten dituzten jardueretan, euren zaletasunetan, euskarak bere presentzia eduki behar du: aisialdian, kirolean, telebistan, aldizkarietan baina baita teknologia berrietan, izan ere, ordenagailuak eta sakelako telefonoak asko erabiltzen baitituzte gazteek, egunero, euren artean komunikatzeko: SMSak, mezuak, blogakkŠ Gazteei euskaraz bizitzen laguntzeko tresna izan nahi lukeen katalogoa duzue hau. Orain zure txanda da, gazte! Sartu sarean eta gozatu Internet-en duzun euskarazko eskaintzaz!". Lore Erriondok, UEUko Zuzendariak, katalogoaren ezaugarriak azaldu ditu. Sareko Euskarazko Produktuen Katalogoa 16 eta 26 urte bitarteko gazteentzat prestatu da. Bere helburua gazteei Interneten dauden euskarazko produktuei buruzko informazioa hurreratzea da. 77 erreferentzia topatu ahal dira katalogo honetan, eta atal nagusi bi ditu. Lehenengoa, Sarean Blai da. Bertan, euskarazko softwarea, baliabideak, blogak euskaraz egiteko tresnak, denbora-pasarako jolasak, txateatzeko guneak, aldizkari elektronikoak eta beste hainbat guneri buruzko informazioa kaleratzen da. Bigarren atala, Ikusi eta Ikasi da eta hezkuntzarekin lotutako baliabideen informazioa bideratzen da. Besteak beste, apunteak, liburuak eta ariketak dituzten guneak, datu-baseak eta liburutegietako katalogoak. Sareko Euskarazko Produktuen Katalogokoak liburuxka formatua du eta CD batekin batera banatuko da. CD-an liburuxkako informazio guztia bilduta dago eta baita, web guneen sareko esteka zuzena, klikatu eta zuzenean sartzeko. Euskaraz bizitzen laguntzeko asmoz egindako katalogoa Bizkaiko 15 udalerritan banatuko da. Guztira, katalogo honen 18.000 ale banatuko dira.
|