Nerea Arregui Urriolabeitia / erabili.com
Ikastolen Elkartearen Jokogintza Sailak bere lehendabiziko DVD bideoa plazaratu du, marrazki bizidunena, bere katalogo zabalaren barnean alerik berriena. Ikastolen Elkartearen Jokogintza Sailak 15 urte bete ditu. 1991-1992 ikasturtean abiatu zen egitasmo ausart hau. Proiektu honen helburua gure herri tradizioan oinarritutako baliabide didaktikoak eta ohiko joko didaktikoak euskaraz garatzea da, ikastolei beren Hezkuntza Proiektua eta Curriculum Proiektua garatzen laguntzeko.
Lan honen lehenengo fruituak Olentzero pertsonaiari lotutako materialak izan ziren. Gaur egun, 43 hezkuntza joko ditugu katalogoan -3 CD-ROMak barne-. Aurten, gure lehendabiziko DVD bideoa sortu dugu, marrazki bizidunena, gainera. Olentzero bilduma eta beste material didaktiko osagarri batzuk osatzen dute gure bilduma. Gure urteetako ibilbidean, 150 produktu argitaratu ditugu guztira.
Baliabide pedagogiko garrantzitsua
Joko didaktikoak baliabide pedagogiko garrantzitsua dira hezkuntzan. Bi eremutan eragiten dute. Batetik, adin bakoitzari dagozkion gaitasun orokorrak garatzen laguntzen dute (hautematea, aditasuna, oroimena, pentsamendu logikoa...). Eta bestetik, curriculum proiektuarekin izaten dute lotura irakasmaila bakoitzean erabiltzen diren jokoek.
Ezin da ahaztu jolasteak, berez, ikuspegi ludiko hutsetik ere bere onurak dituela. Eta hizkuntza gutxitu baten normalkuntzaren ikuspegitik, oraindik garrantzitsua bihurtzen dela hizkuntza horretan jolastea, euskaraz jolastea, guri dagokigunez.
Sobera jakina da gaur egun gure hizkuntzak bizirik irauteko ezinbestekoa dela eskola/euskara eta aisia/erdara erlazioa apurtzea. Euskarak neska-mutilen aisian sartu beharra dauka. Gure egitasmo honek, bere neurrian, helburu hau betetzen lagundu nahi du.
Ikastolen Elkarteko katalogoa urtez urte osatzen ari gara, gure helburua katalogo osoa eta aberatsa izatea baita, adin guztietako pertsonentzat, sortuberri eta helduentzat, eta ahalik eta euskarri mota gehien hartuaz, euskaldunek ere jolasteko besteak beste aukera izan dezagun!
Horren adibide dugu aurten plazaratu dugun produktu berrietako bat, marrazki bizidunetako DVDa: 7BBB. Zazpi, Buru Bete Bazpi. Euskarazko olgetako kantuak eta kanpo-jolasak dira 3 urtetik aurrerako haurrentzat prestatu dugun DVD honen oinarria. Marrazki bizidunen DVD bideo honetako protagonistak zazpi dira: Txinpart izeneko errobota, Naia eta Maia bikiak, Eustaki astotxoa, Tartalo begibakarra, Xaxa neskato afrikarra eta Txiki behi apala. Eurekin batera jolastuko zara, hainbat kantu eta jolas ikasiko dituzu, karaokea kantatuko duzu...