erabili.com
Nola deitzen zaio maina asko egiten duenari? Zein da seiko motzeko doinurik ezagunena ? Zein izen du bertsolaritzaren mahai jokoak? Mainontzi, galdera guztien erantzuna!
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Lanku bertso-zerbitzuak elkarlanean bertsolaritzaren mahai jokoa sortu dute. Bertsolaritzaren ondarea gorde eta izaera ludiko eta didaktiko baten bitartez zabaltzea du helburu jokoak.
12 urtetik aurrerako edozein bertsozalek bere ezagutza neurtu ahal izango du Mainontzik eskaintzen dizkion 1.800 galderetan. Zailtasunaren arabera, galderak hiru multzotan banatzen dira: zailtasun txikikoak, zailtasun ertainekoak eta zailtasun handikoak (600 galdera multzo bakoitzean).
Jokalari bakoitzari mainontzi edo euskarri bat emango zaio. Mainontzia kolore ezberdineko sei peoiekin betetzen duen lehen jokalariak irabaziko du partida. Horretarako sei arlotan banatutako galderei ondo erantzun beharko die:
Teoria: Bertsolaritzaren alderdi formala.
Jardun: Gai ote zara kopla bat osatzeko Mañukortaren gisan?
Hizkuntza: Bertsogintzaren ezinbesteko tresna.
Gaur: Zer berri egungo bertsolaritzan?
Historia: Izan zirelako gara eta garelako nor izan daitezela.
Saski naski: Han-hemen bildutako bitxikeriak.
Bertsolaritza ezagutzeko baliabide egokia ez ezik, Mainontzi euskara lantzeko tresna ezin hobea ere bada, ahozko mintzaira hobetzeko aukera ematen duelarik. Bestalde, euskal ondare tradizionala modu dibertigarrian ikasteko bidea da.
Mainontzi mahai jokoa ez da atzo sortutako kontua. 10 urte dira bertso-tribiala izenez sortu zela Gasteizko bertso-eskolan, bertsozaletasuna bultzatzeko baliabide erara. Ordutik hainbat bertso-eskola eta herritan jolastu dira bere galdera-erantzunekin.
Azkenik, esperientzia luzeak emandako aholkuak eta eskarmentuaren emaitza da Euskal Herri osora zabalduko den Mainontzi bertsolaritzaren mahai jokoa.
Mainontzik sortzaile ugari bildu du bere inguruan: galderak Karlos Aizpuruak eta Fredi Paiak egin dituzte, eta zuzenketa lanetan Arkaitz Goikoetxeak eta Oihane Pereak jardun dute. Koordinazio-lana Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Lankuk egin dute, eta horretaz gain, Lanku arduratu da jokoaren gainerako ekoizpenaz.
www.lanku.com eta www.bertsozale.com webguneetan aurki dezakezue bertsolaritzari eskainitako mahai joko berria. Durangoko azokan, Bertsozale Elkartearen standean ere salgai izango da.