Bokazioz hiltzen zuen, maitasunez. Gaztelako eguzki infinituak higatuak zizkion begininiak, argitua ilearen kolorea eta belztuak azal lehorraren zimurdurak. Eskopetaren tiro hotsak eta riflearen listukada lasterkatuak laztandu egiten zioten heriotzaren ukitu hotza, animalia eta hegaztietan bizitza eza besterik ez onartzeraino."El cazador" gisa ezagutzen zuten ostatu eta tabernetan, beste izenik gabe, besterik ez bailegoan berak aukeratutako atzerrian. Atzerri oro bezala, heriotzaren itxuraldatze, erroekiko alarguntze.
Donostia inguruko herrietako zuhaizti eta basoetan hasi zen, karabina bizkarrean, haurtzarotik, basatasunaren hobekuntzan. Txolarreak lehenik:
Kalte besterik ez ditek egiten.
Hik zer dakik!
Aita ehiztaria duk eta berak esan zidak.
Xoxoak eta birigarroak gero:
Bai, motel, halako kaxuelakadarik...
Gailupak, karnabak, inpinak:
Ba! Horri deitzen al diok kantua?
Eta neguko hesi elurtuetan pausatzen zen txantxangorria.
Nerabezaroko azken urteetan errepide ertzeko barra amerikanoetako neska filipinen haragi biluzietan hustu zituen ehiza amaierako amorru oraindik botagabeak. Baina asegaitz sentitzen zen bere jaioterrian eta gero eta urrunerago bultzatu zuen hil beharrak. Egiten zuenaren kontzientziak soilik bereizten zuen akabatzen zituen abereenetatik bere aberekeria, kontzientzia bera herio bakoitzekiko bere irribarrearen iturri.
Maiz sarraskituak zituen Cazorla eta Iratiko oihanak, maiz lausotua oreinaren begirada izutia eta sarriago lurreratua orkatz bakartiaren dotorezia. Azkenean hutsik ziruditen basoek, agian ezkutuan geratzen zirenek aireari bere presentziaren usaina hartua ziotelako. Orduan ortzirantz jo zuen ostera, urruneko haurtzaroaren oroitzapenez. Harrapari handiak botatzeari ekin zion, moko kurbatu boteretsuetan eta hatzaparretan heriotzaren ideogramak zizelaturik dauzkatenak. Hontza, mirua, saia eta arranoa.