"Futbola izigarriko tresna da bake, errespetu eta tolerantzia baloreak hedatzeko maila lokal, nazional eta internazional batean". "I speak football". "Ongi etorri futbol planetara !"Lurra biribila da, Adidasen azken Predator Mundu Kopako baloi ofiziala bezain borobila.
Dena ongi doa, nazio ezberdinak anaitasunez, fair play izpirituz, errespetuz lehiatzen dira haien herria futbolaren hizkuntzarekin ber-asmatu asmoz. "Wilkommen zus football!"
Gora FIFA !
Hau da FIFAren mintzaira ofiziala. FIFAk saldu nahi digun nazioen arteko bere nazioarteko txapelketa-dirukutxa erraldoia, publizitate agentzia batek marketingaren irizpideetara moldatua.
Azken finean, egia da berez ez lukeela ni bezalako jakintsu usteko sasi-kolumnista batek kritika teoriko-etiko-filosofiko bat egiteko biderik ukan behar ere. Futbola popularra da, mundu osoan jokatzen da, klase sozial guziak uztartzen diren dibertsio eta sozializazio modu bat da. Zertan da oker lau urtean behin klase desberdin hoiek biltzea, 150 ¤ truk erositako billetea 2 metroko eta 120 kiloko gorila bati erakusti ondoan 50 000 lagunen ondoan 22 gladiadoreren ikuskizuna iksuteko, bandera nola defendatzen duten ikusten gozatzeko.
Futbola unibertsala da, kirolariak batzen gaitu. Nazionalismo atzerakoi eta extremoenak ez du lekurik: begira bestela nola kantatzen duen publikoak bere nazioaren himnoa, begira bandera kopurua, eskuin muturreko taldeek lehiaketa honekiko duten afizioa... Futbol planetan ez da naziorik....
Futbola bake eta errespetu balore transmitzaile bat da. Begira bestela zenbat segurtasun indar dauden horrelako manifestazio erraldoi baten segurtasuna mantentzeko: hutsaren hurrena! Hamar- hogei mila polizi ? Zenbat da hori ? Ia ezer. Bi herriko zaletu desberdinak zenbat borrokatzen dira ba partiden ostean ? Arrunt guti eta inoiz larriki...
Futbola interes ekonomikoen gainetik dago, helburua ez da dirua egitea, mundua konpetizio baten jiran biltzea baizik. Ikusi bestela zein produktu guti saltzen diren futbolarien janzkera imitatzeko (baloi, bota, maillot, galtzerdi...). Are gehiago, datu txundigarria : Alemaniako futbol zelaieta zenbat eta zenbat zale zeuden tee shirta zahar bat hartu, bere herriko koloreetan marraztu eta etxean eraiki maillota soinean ,buruan etxean josi bandera duela partiden ikustera doana.
FIFAren munduko kopa honek ez du jendea kontsumitzaile, nazionalista, txatxu eta elitista bihurtzen. Ez jauna ! Gure herri maite eta handi honetan ez behintzat.
Bukatzeko, Ekainan mutil bat ikusi nuen soinean BOren elastikoa, eskuan Eki garagarnoa, 22 ikurriña gorputz osoan, Puma shorta zinturatik behera ; kantu-oihuka, uste dut beeeeeeeeeeeeeooooooooo ziola. Asteazkenean ikusi nuen berriz soinean elastiko urdin batekin (hiru banda xuri, gorri urdinekin eta izar batekin oilar baten gainean), eskuan Heineken garagarno batekin, Adidas short batekin zinturatik behera, 23 franztiar bandera gorputz osoan ; kantu-oihuka, uste dut zzziiiiiiiiiiiiiiiiiiizzzzoooooooooouuuuuuuuuu ziola.
Herri honetan, kirol kontu zozo hoien gainean gaude !