Eneko BIDEGAIN
80ko hamarkada
Ahoan bilorik gabe mintzatuko naiz Ipar Euskal Herriko militante erdoildu gisa ikusten ditudanei buruz. 80ko hamarkadan mugimendu abertzaleari hats berri bat eman zioten, indarra eta dinamika ekarri zuten. Haien ekarpena ez da gutiestekoa, eta sakon aztertu behar da orduan egin zen guzia, hark eragin zuen guzia, hark ekarri zuen guziaŠ Sakon aztertu behar da, gaur egungo egoera ulertzen laguntzen ahal duelako.
Sakon eta taburik gabe. Sakon aztertu behar dira garai hartan egin ziren hautuak, hautu haiek eragin zituzten eztabaidak, eztabaida haiek sortu zituzten zatiketak, zatiketa haien ondotik eraiki ziren berradiskidetzeak eta batasunak, batasun berri horietatik abiatu ziren dinamika berriakŠ Aktore guztiek badute zer erran, denen hitza entzun behar da gauzak ulertzeko.
Baina militante erdoildu batzu garai hartako nostalgian gelditu dira. Garai hartako balentriak gogora ekartzera mugatzen da haien ekarpen politikoa. Garai hartako kalapita eta zatiketak gaur egun bizi dituzte, geroztik hogei urte iragan ez balira bezala, pertsonek eta militanteek hogei urtez, egoerak, harremanak, eztabaidak eta gogoetak direla medio, jarrerak moldatzen ez balituzte bezala. Duela hogei urteko "etsai" amorratuak gaur egungo lagunak izaten ahal ez balira bezalaŠ
Batzuek ez dute sekulan onartu haien protagonismo zatia beste batzuekin partikatzea. Ez dute onartu haien ideiak beste batzuen ideiekin trukatzea. Ideia pur-purrak atxikitzekotan, hautsi-mautsirik ez egitekotan, besteekin ez ziren nahasi behar. Eta gaur zer egiten dute? Duela hogei urteko argazkiak diaporama batzuetan erakutsi? Eta gero? Zertan laguntzen dute gaurko egoera ulertzen, aitzinatzen, eztabaida berriak sortzen?
Nostalgia hutsarekin ez da deus eraikitzen, izatekotan desegiten. Militante erdoildu horiek tripako minez eta begi okerrez ikusten dute gaur egungo egoera. Aspaldian entzun zuten autoa zahartua zela eta ez zela ontsa ibiltzen, auto berrian sartu behar zela. Ez zuten onartu. Gaur egun autoa zoko batean dago, ez dabil.
|