Ttotte ETXEBESTE / Matalaz taldeko kidea
Elkartasunaren lehen harria Hazparnen
Jadanik duela 36 urte 1973an, Garazin ospatua izan zen Aberri egunak kolore berezia hartu zuen, zeren lehen aldia zen Enbata mugimendutik hat ziren gazte batzuk antolatzen zutela Aberri eguna, gazte horiek ondoko urteetan ipar Euskal Herriko istorioa idatziko zuten. Aberri egun hori alderdietatik kanpo ziren gazte multxo batek antolatu zuen, koordinazio bat antolatuz, hats berri bat emanez mugimendu abertzaleari.
36 urte geroago belaunaldi berri batek apustu berdina egiten du aldi honetan Hazparnen, Aberria ez da alderdi batena erranez. Euskal Herriak bizi duen momentu berezi honetan iduritzen zaut inportantea dela nere elkartasuna ekartzea gazte talde horreri. Betidanik pentsatu dut lehentasuna herria dela eta ez alderdikeria, beti pentsatu dut zatiketen eta desberdintasunaren gainetik elkarlana posible dela. Euskal Herria bide berri batean sartzen hari da, zer aterako den hortik nehork ez daki, argi dena da denek indar bat egin beharko dugula hemen gauzak aintzina eremateko, denek pausuak eman beharko ditugu konponbide bat lortzeko.
Iparralde honetan badakigu abertzaletasuna minorioan dela oraindik, bide luze bat egin badugu ere azken 36 urte hauetan. Iparraldeak ez dauka ezagupen pizarrik, ez dauka onarpen instituzionalik, euskara oraindik ukatua zauku bizi ofizialean, gure lurra saldua da dirudun batzueri beren oporrak lasaiki pasa dezaten, gure lurretan gero eta geheiago arrotzak gira. Hemen konponketa politikoa urrun da, hemen bide gogor eta luze bat badugu egiteko gure iparraldeak bere leku osoa lor dezan biharko Euskal Herrian. Bide hori ezin dugu bakotxak gure aldetik egin, bide horretan gure indarrak bildu behar ditugu ahots bakar batez oihukatzeko estado frantsesari eta hemengo arduradun politikoeri hemen arazo politiko bat badela onar dezaten eta arozo horrek erantzun politikoak behar dituela eta ez mespretxua.
Hazparneko Aberri egun hau izan dadila abertzaleak bilduko dituen lehen pausua. Abertzaletasuna aniztasuna da, aniztasun hori onartu eta errespetatu behar dugu, ainiztasun hori ez da estakulu bat izan behar bakotxak bere alde egiteko bainan bai indar bat elkartzeko eta aintzina joateko. Hazparneko gazteek bide berriak irekitzen dituzte, bidea erakusten digute.
Apostu gogorrak ditugu altxatzeko ondoko hilabete eta urteetan, lehena, 46 000 izenpetze lortzea Euskal herritarrek hitza ukan dezaten beren etorkizuna hautatzeko. Euskarari zor zaion leku osoa ematea bizi publikoan, eta Frantses estadoari bere ofizialtasuna onartaraztea, Iparraldearentzat ahalmen zabaleko instituzio bat lortzea, lurra ez dadin espekulatzaileen esku izan, euskaldunak bihar ere lur honetan gure etxean izan gaiten! Apostu horiek eta beste ainitz ditugu altxatzeko, orduan gure indarrak bil ditzagun eta elkarrekin indar harreman azkar bat lor dezagun hemen gauzak mugiarazteko eta antzinarazteko.
Denak Hazparenera elkartasunaren lehen harria pausatzera!
|