Patxi Juaristi Larrinaga [erabili.com]
Jesus Manuel Septien irakasleak bere Mugarik gabeko eskola liburuan adierazten duen bezala, Arabara etorri diren etorkinen seme-alaba gehienak A ereduko eskola publikoetan matrikulatzen dira.
2004-2005 ikasturteko datuen arabera, Haur eta Lehen Hezkuntzan ikasten ari ziren etorkinen %82ek A ereduan ikasten zuten. Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, etorkinen %79,3 zeuden erdarazko hezkuntza ereduan.
Argi utzi nahi nuke, nire ustez, euskararen benetako arazoa bizi duen diglosia egoera dela, eta ez etorkinen etorrera. Julen Arexola Leibar-ek Bat aldizkarian (2004) egoki adierazi zuen bezala: «Uste dut makalenari errua botatzea jarrera xenofoboa dela. Nik irakasleen artean sumatzen dudanean, eta idatziz ekar ditzaket kasuak, "bi etorkin etorri dira gure eskolara eta orain arteko hizkuntza jarrera aldatu egin dute". Ba oso hizkuntza jarrera egokirik ez zen egongo etxe horretan! Pentsatzen dut nik: izan ere, bi etortzea nahikoa izan bada zegoen guztia hankaz gora jartzeko, askorik ez zegoen seinale. Ala?».
Dena dela, Septienek aurkeztu dituen datuek zer pentsatu eman didate. Izan ere, ghetto-ak sortzeko dagoen arriskuaz gain, iruditzen zait etorkinak A ereduan matrikulatzeko joerak eragin negatiboa izan dezakeela euskararengan eta euskal kulturarengan.
Beraz, ezinbestekoa da, nire ustez, etorkinei Euskal Herriko hezkuntza ereduari buruzko informazio zuzena ematea, eta D eredura erakartzeko estrategia egokiak martxan jartzea. Zentzu honetan, Hizkuntzak eta Immigrazioa jardunaldien (2004) barruan etorkinen mahai inguruan parte hartu zuen etorkin batek zioena hartu beharko genuke kontutan: «Gurasoei berdin zaie A edo D ereduan sartzea beren umeak, eskolara eramatea baino ez dutelako nahi. Gurasoek ulertzeko moduan azaldu behar zaie zenbaterainoko garrantzia duen beren umeek euskara ikastea, eta orduan ziur naiz guzti-guztiek D eredua aukeratuko dutela». Alegia, behar bezalako informazioa ematen bazaie, pentsatzekoa da etorkinek hezkuntza eredu euskaldunak aukeratuko dituztela. Izan ere, ikasirik ez da inor jaiotzen.
Horrekin batera, ikasle etorkinak hemengo hezkuntza sisteman barneratu daitezen eta bi hizkuntza ofizialak ikasi baliabide egokiak jarri behar dira. Eta horrekin lotuta, ezinbestekoa da etorkinak euskarara eta euskal kulturara erakartzeko plan orokor bat bultzatzea. Etorkinen bizi baldintzetara moldatuko den plangintza sendo bat egiten bada, ziur nago etorkinak euskal kulturan buru-belarri sartuko direla eta euren seme-alabak D ereduan matrikulatuko dituztela. Aitzinetik egina, geroko egina.