Jean-Louis DAVANT
Pastoralaz
Bi pastoralen abioa badügü 2007ko : batetik builtzatzen ari da basabürüan Gamere-Zihiga herria, bestetik pettarean lau herrik düen alkartea, hoik direlarik Ainharbe, Ezpeize-Ündüreine,Sarrikotapea, Ürrüstoi Larrabile. Zonbait, Xiberorik kanpo, aberastarzün hortaz bozten ahal dira. Bena heben, gaüzak beste gisaz iküsi ditirogü, Xiberoa ttipi beita. Arriskü handia da sosaren aldetik, baita denboraren partetik. Püblika hein bat mügatürik da, potere püblikoen lagüngoa ere bai, eta bien zatikatzea ez lizate zühürtzia. Gaineala denbora hona lau igantez seidan? Hori ere ez da batere segür. Bestalde holako lehia bat üsü aharrabide da jenteen artean, eta horren beharrik ez dügü Xibero ttipi hontan.Hori güzia klarki erranik izan da Pettaren (eta ez "Pettarresen") jüntan (150 lagün baginen): bürüzagiek hor üken düe Gamere-Zihigakoekin hitzartzeko manüa. Agian algar entzünen düe, amoregatik eta batak 2007a har dezan, eta besteak 2008a. Egia da Maulez petik pastoralik ez dela eman XIX. mente erdiaz geroztik. Arren ordü lüke berriz planta gitean eta hon egin leikegü. Haatik Gamere-Zihiga ere builta hontan pastoralik eman gabe dago. Bena urte ttipi batez gibeltzeak ez leikeo malürrik ekar ez batari, ez besteari. Aitzitik, hobeki prestatzeko tregoa izan daite. Gaineala, gibeltzea honar lezakeanak estimü handia irabaz liro Xiberoan. Hortako, bürüarekin pentsatü behar da, eta ez tripekin. Agian entelegatüko düe gure kargüdünek.
|