Enek BIDEGAIN
Ixiltasuna
Ixiltasuna. Batzuetan falta egiten digu. Beste batzuetan ez dezakegu jasan. Nolakoa den, noiz den, nondik heldu denŠ Ixiltasunik gabe bizi gara memento gehienean, ni segurik bai. Ez dakit zergatikŠ Bakarrik nagoen mementoetan irratia edo musika piztuko dut. Ixiltasuna hausteko? Zerbait entzuten dudanean denbora ez dudala galtzen uste dudalako?
Baina ixiltasuna denbora galtzea dea? Ixiltasuna inspiraziorako mementoa da, gogoetarako ere bai, gure buruan mundua berriz egiteko, gure iritzi propioak lantzeko, ideia berriak aurkitzekoŠ Atsedenerako memento aproposa ere da ixiltasuna. Alta, zaila da egiazko isiltasuna aurkitzea. Autoen burrunba, motoen tarranta, tren baten ziztua, karrikako oihuak, obren azantzakŠ Eta horiek ixildu ondoan ere, uste dugunean ixilik gaudela, ordenagailuen zurrunka eztia dugu lagun. Ez dea goxo laneko ordenagailuak eta inprimigailuak itzali eta ohartzea orduan gaudela ixiltasun betean?
Zailagoa da pertsonen ixiltasunaren aztertzea. Jendartean gaudela, iduri du ez dugula ixilik egon behar. Bitxi egiten du laukote batean denak ixilik dauden mementoak. Lauen artean ez bada kalakaririk edo denak ixilak baldin badira, ez du erran nahi giro txarra dagoela. Pertsonak elkarrekin daudenean zergatik behar da nahi ala ez mintzatu? Batzuetan deus ere ez errateko mintzatzea baino hobe da ixilik egoteaŠ Baina, ez da hola jendarteko araua.
Batzuetan, ixiltasuna giro txar baten seinale da. Eta nola atera korapilo horretatik? Bakoitzaren nortasunaren arabera. Baina komunikazioaren moztea ez da giroa hobetzeko modurik hoberena. Dudarik gabe, komunikazioa zenbat eta denbora gehiagoz moztu, orduan eta zailagoa da harreman bat berriz abiatzea eta korapiloa askatzea. Badira jende batzuk kalapita baten ondotik luzaz mutu gelditzen direnak, seinalerik igorri gabe. Zergatik? Koldarkeriagatik? Harrokeriagatik?
|