Garapen prozesuan dauden herrialdeen energia beharrak %60 igoko dira datorren 25 urteetan eta erabiliko dituzten erregaien %85, erregai fosilak izango dira, petrolioa izango delarik erabiliena. Eta erregai hauek dira atmosferara ixurtzen den karbono dioxidoaren (CO2) jatorri garrantzitsuena. Zientzilari ugariren iritziz, hainbat opzio teknologiko daude gas ixurketa desegokiak ekiditeko. Gainera berauen kostua ez da altua eta arrazoizkoa da.
Arazoa ordea, herrialdeetako agintarien sinesmen falta da. Arazoa dagoela ez bait dute ikusten. Froga erabakigarriak eskatzen dituzte. Berauentzako ez omen da nahikoa munduko zientzilari garrantzitsu ugarik diotena. XX. mendean lurraren tenperatura 0,6 gradu igo da eta diotenez 1,4 eta 5,8 gradu gehiagotara igoko da, 2100 urterako. Zientzilarien ustez herrialdeek behar- beharrez identifikatu behar dituzte eman behar diren pausuak, epe luzera ixurketak gutxitzeko eta klimaren aldaketa ekiditeko.
Planetaren beroketa globala egiaztatzen duten froga ugari daude: lurraren azalera txikitzen ari da, itsasoaren maila igotzen delako; glaziarren tamaina abiadura azkarrean murrizten ari da; aldaketa fisiko eta geologikoak Š Beroketa hori gizakien ekintzen ondorio da eta lurraren klimaren aldaketaren hasiera bertan dugu. Orain bertan hasi behar gara lanean, guzti hau gelditzeko. Gaur egungo erabaki txiki bat , aurrerago egingo den erabaki haundi bat baino eragingarriagoa izango delako. Aurrerago arazoa izugarria izango bait da.
Lurraren sistema klimatikoak oso makal erantzuten die negutegi efektua sortzen duten gas mailen aldaketei. Ondorioak oso larriak izango dira planetarentzat eta gehiago gizakiarentzat ( gaixotasunak, uholdeak, bero jasangaitzakŠ).
Gaur egungo agintariek 4 urteko aburua dute eta ez dituzte hori gainditzen duten eperik ikusten. Epe motzeko errentagarritasunari begiratzen diote. Ekonomia versus ekologia. Hau aldatu beharra dago, arazo ekologikoak arazo ekonomiko ere bihurtuko bait zaizkigu. Orduan hasiko dira lanean serioski baina beharbada beranduegi izango da.
Arazo honen ardura herrialde garatuena da. Garapen prozesuan dauden herrialdeek beste arazo gehiago dituzte eta gure aberastasunaren ondorioz dira behartsu. Ezin diegu arazo ekologikoa beren bizkarrean utzi. Arazoaren konponbidea herrialde garatuena da. Teknologia berrietan inbertitu behar da, energia garbiak garatu eta petrolioaren diktadura garaia gainditu. Pausu txikiak ematen hasi behar gara, legeak aldatu, konpromesuak hartzen hasi. Eta oraintxe.