Larunbata goizean Bilbon giro berezia sentitzen zen. Lagun talde ugari zebiltzan poteoan, umore onean, non bazkalduko zuten pentsatu eta arratsaldeko finalari buruzko parioak eginez. Hitz ordu handia Euskalduna Jauregian zen, 5.30etan eta sartzeak aspaldidanik bukatuak izanik ere, bazen oraino sartzeren bat lortzeko esperantzetan horraino hurbildu zenik.Beranta pixka batekin eta aretoa jendez mukuru, txalo eta animo oihu artean taularatu ziren zortzi bertsolariak. Iñaki de Juanaren aldeko t-shirta banarekin, Ibon Ajuria, Onintza Enbeita, Fredi eta Xabi Paia anaiak, Igor Muniategi, Iratxe Ibarra, Etxahun Lekue eta Harkaitz Estiballesek agur indartsuekin eman zioten hasera saioari, lan puntuagarriei ekin aitzin.
Lehen saioa ofizioka zortziko nagusian burutu zuten eta biziki maila onean aritu ziren bertsolariak, txapela lortuko zuenak lan handia egin beharko zuela hastapenetik argi utziz.
Neurri ttipian ere mailak goitik jarraitu zuen eta lehen barre algarak atera zizkioten publikoari. Onintza Enbeita hoteleko garbitzaileak Fredi Paia afera gizon aberatsa topatu zuen hoteleko ganberan lana utzi eta pausatzeko ohe gainean etzan zenean. Familiari buruzko hainbat gai izan ziren saioan zehar eta horietan orijinalena, behar bada, Iratxe Ibarra eta Etxahunek ukan zuten.
Etxahunek, hiru aldiz dibortziaturiko amatxiak, Iratxe bere iloba ezkongaiari balio handiko aholkuak eman zizkion: Ezkontzea berez da/ itzela ohorea/prest eukiko dozu ia/ jantzi dotorea/bizikidetza dogu/gogorra ordea/laster topauko dozu/beste bat hobea.
Binakako lanak bukatu eta bakarkako lanen txanda ailegatu zen segidan. Urduritasuna ageri zen bertsolarien bisaietan, bakarkakoak erabakiko baitzuen zein izanen ziren finalaren barneko Finalera helduko ziren bi bertsolarien izenak. Punduei erantzun ondotik, bina bertso kantatu zituen bertsolari bakoitzak: Ibon istripu batean aurpegia desitxuraturiko gaztea izan zen; Onintza lurrean etzanik zegoen boxeolaria; Fredi karrikak bere argazkiz beterik topatzen dituen pertsonaia ezaguna; Xabi gose greban duen semea bisitatzera zihoan ama; Igor Tenerifeko hondartzetan patera huts bat topatu zuen turista; Etxahun garai bateko zinema zaharra nola erausten zuten ikusten ari zen agurea eta Harkaitz alabak eltzeitsua eskaini zion langabetua.
Bertsolariek ariketa honetan guziz asmatu ez bazuten ere, Iratxeri mertzenario paperean kantaturiko bigarren bertsoak Bertso onenaren saria ekarri zion: Orain artean egin izan dot/hainbat lan neure neurriko/ino(re)n aurrean enaz jarriko/horregatik belauniko/hau ez dot nire begiko/baina nik ez dot utziko/hil behar dodaz kotxe batean/doazen bi politiko/beldurrez behar dot ito/baina nik ez dot etsiko/eskuak dar-dar egiten badau/begiak itxi ta kitto.
Buruz burukoa
Bi minututako pausaren ondotik eta izenak alde batetik bestera zebiltzala jakin genituen Finalera pasako ziren bi bertsolarien izenakŠ gehienen ahotan zebilen Xabi Paia eta Etxahun Lekue, Iratxek puntu erdira hurbiletik jarraitzen ziolarik. Txalo zaparradaren ondotik, hiru ariketa burutu zituzten: paradisura itzuli ziren Adan eta Eva bilakatu ziren, Mañontzi neurrian hilobi berean topo egin zuten bi alargun izan aitzin. Kartzelako hiru bertsoak ohe alboko mahaitik kendu zuten betiko argazkiari kantatu zizkioten, Xabik amatxi alargunaren ikusmoldetik eta Etxahunek amodio minetan zen gaztearen lekutik. Laguntzaile eta antolatzaileak eskertu ondotik, isiltasuna nagusi, txapeldun handiaren izena jakiteko unea heldu zitzaigun: "2006ko Bizkaiko Bertsolari txapelketako txapelduna Xabi Paia dugu 842,5 pundurekin!"
Xabik saltoka ospatu zuen bere txapela; segidan Etxahun 839, 5ekin; Iratxek 498 lortu zituen, Arkaitzek 487,5, Onintzak 487; Fredik 486, 5, Ibonek 476 eta Igorrek 466. Bizkaierazko hitzak nagusi izan zen final eder honi amaiera Xabiren bertso hunkigarri eta harrigarriak eman zion: Xabik haien ama eskertu zuen erdaraz, euskara ez eman arren bizia eman zielako.
Ikusleak pozik eta giro goxoan, hortik goitiko ospakizunek oren ttipietararte iraunen zuten hain segur ere.